Nerea eta Octavian, gipuzkoar azkarrenak
Egilea: Pululu Itzulpena: Auritz Mendizabal
Txokoko atleten jarduera ona joan den larunbatean Donostiako belodromoan egin zen pista estaliko Gipuzkoako txapelketaren lehen egunean.
Sei atletak parte hartu zuten, eta balantzea hiru podiumekoa izan zen, bi finalista-postu eta atleta gazteenaren debut ona.
Atlético San Sebastiáneko Nerea Galparsoro eta Real Sociedadeko Octavian Romanescu abiadura-lasterkariak izan ziren Gipuzkoako txapeldunak 60 metro lauko proban, biak ere nagusitasunarekin. Nereak 7,79rekin finala irabazi zuen, eta berdindu egin zuen bere marka pertsonala. Final-erdietan, berriz, 7.78koarekin gainditu zuen hau eta Madrileko txapelketara joateko balio beharko lioke marka horrek. Octavian Romanescuk, berriz, gauza bera egin zuen gizonezkoetan, finalerdiak 6.96an irabazi baitzituen, eta erakutsi zuen apurka-apurka Madrileko absolutuari begira puntuan jartzen ari dela.
Emakumeentzako 60 metroko hesiko probak brontzezko domina eman dio Leire Tobarri; izan ere, azken lasterketan, 9.61eko kronoa egin zuen eta, gero, parte-hartze libreko lasterketa batean, erlojuaren aurka 9.39 markara arte hobetu zuen. Marka horrek balio lezake martxoan Antequeran (Malaga) egingo den 20 urtez azpiko estatuko txapelketarako.
400 metro lauko proban, Iraia Mendia lazkaotarrak 1:02.99rekin irabazi zuen bere seriea, hau da, marka pertsonala eta Gipuzkoako zazpigarren postua.
Itsaso Estala lazkaotarra ere 8.a zen 60 metro lauko finalean 8.13rekin eta lehenago 8.10 egin zuen finalerdietan.
Gizonezkoetan 1.500 metroko lasterketa zailean, Unai Mendizabal Gipuzkoako txapelketa absolutu batean lehenengo aldiz 15 urterekin. Serieko bigarrena zen 4.20.25eko marka onarekin, eta, azkenean, sailkapeneko 22. postua.
Parte-hartze libreko 16 urtetik beherakoen jaurtiketan 4 kg-ko bolarekin, Aratz Zendonek 14.34 eta Zuhatz Sukia 11.69; eta 3 kg-ko bolarekin Uxue Artola 11.07 eta Garazi Zubiaurre 8.55 emakumeetan.
Pista estaliko Euskadiko txapelketa absolutua
Larunbat honetan, goizez eta arratsaldez, Donostiako belodromoa izango da pista estaliko Euskadiko txapelketa absolutuaren egoitza. Txapelketa hori, jakina, pandemiak baldintzatzen du eta pista estaliko Nafarroako txapelketa absolutuarekin batera egingo da. Bi txapelketen artean atleta kopuru handia izaten denez, proba guztietan parte hartzea mugatu egingo dute. Horrela, atleta onenak bakarrik izango dira eta horrek esan nahi du gure atleta batzuek ezin izango dutela parte hartu.
Txokoko zazpi atletak hartuko dute parte txapelketa honetan. Horietako lauk podiumaren gorenera igotzeko ere borroka egingo dute.
Txindoki Jaso Autowag ATtik Irenia Apaolaza egongo da 400 metroan eta urrearen borrokan ibiliko da, forma ezin hobean baitago. Helburu bera izango du Nora Tobarrek altuera-jauzian eta finalean postu bat lortzeko borrokan arituko dira Iraia Mendia 800 metrotan, Itsaso Estala 60 metrotan eta Ane Ormazabal 200 metrotan.
Urrezko domina lortzeko borrokatuko dira, halaber, Gipuzkoako 60 metroko txapeldunak: Nerea Galparsoro Atlético Sansebastianekin eta Octavian Romanescu Realarekin.
Comments