Donostian pista estalia eta Juan Mugerza nazioarteko krosa Elgoibarren
Asteburu honetan iragartzen diren jarduerak denboraldiko une honetan ohikoak direnak dira. Alde batetik, larunbat arratsaldean, pista estaliko parte-hartze libreko proben 4. jardunaldia egingo da Donostiako belodromoan. Bertan, atleta urdinak egongo dira. Larunbaterako, halaber, aire libreko parte-hartze libreko probak ditugu Basaurin (Bizkaia), eta Arabako pista estaliko txapelketa absolutuaren lehen jardunaldia Gasteizko Mendizorrotzako instalazio estalietan eta aire librean.
Iganderako hitzordua Euskadin jokatzen den krosik onenarekin izango da: Elgoibarko Juan Mugerza nazioarteko krosa. Bertan, Txindoki Grupo Jaso Autowag ATko atletak egongo dira, ahalik eta paper onena egiten saiatuko direnak. 18 urtez azpikoen kategorian, Aimar Aierbe ataundarrak Euskadiko selekzioa ordezkatuko du, eta Intza Urrestarazu ordiziarrak, 20 urtez azpiko kategorian.
Lasterketa herrikoietan, larunbatean Santabarbara igoera izango dugu Beran (Nafarroa) eta igandean San Antontxu herri krossa Mungian (Bizkaia), Mitxintxola mendi lasterketa herrikoia Pasai Donibanen, Laudioko lasterketa herrikoia Araban eta Araitz-Betelu Krossa Betelun (Nafarroa).
Emaitzak
Hiru domina eta bi laugarren postu dira 2020ko denboraldi honetan Donostiako belodromoan egin diren pista estaliko Euskadiko lehen txapelketetan parte hartu duten bost atleta urdinen balantzea. Euskadiko iraupeneko txapelketan, 16 urtez azpikoen mailan 3.000 metrotan, Unai Mendizabalentzat izan zen bigarren postua 10.39.87ko marka pertsonala eginez, 16 urtez azpikoen kategorian Nahia Iraolak ere bigarren postua lortu zuen 11.14.03ko marka pertsonalarekin eta 18 urtez azpikoen kategorian Jon Etxeberriarentzat 4. postua 10.04.79ko markarekin. Euskadiko txapelketan, master 70 kategorian titulua Gotzon Auzmendirentzat 800 metrotan 3.27.65ekin eta master 50 kategorian, 4. postua Ángel Pérez "Pululu" rentzat 3000 metrotan 11.17.79rekin.
Zornotzako (Bizkaia) nazioarteko krosean denboraldi honetako estreinaldi bikaina egin zuen krosean Alexander Oiarbidek, urteko azken egunean San Silvestre irabazi zuen ordiziarrak. Denboraldi honetan Grupompleo Pamplona Atletikoren elastikoa defendatuz 21. postuan iritsi zen senior mailako lasterketan. 20 urtez azpikoetan Jon Zeberio 10. izan zen eta Mikel Samaniego 16., 16 urtez azpikoetan Lide Azurmendik 5. postua lortu zuen eta infantil nesketan (14 urtez azpikoetan) Laxia Arsuaga 33. izan zen.