top of page

Josetxo Imaz historikoa


XIX. Josetxo Imaz memoriala lasterketa herrikoia historiara pasatuko den lasterketa izango da arrazoi desberdinengatik.


Gaur arte ospatu den ediziorik beroena izan da eta horrela sufritu zuten atletek. Inor artatu beharrik izan ez bazen ere, 10 km-ko frogetan ezarrita dagoena baino ur anoa gehiago eskertuko zuketen, beroa eta hego haizearen ondorioz ahoa lehorturik iritsi baitziren denak.

Edizio hunkigarria izan zen hasieratik. Lasterketari irteera eman baino lehen, minutu bateko isilunea mantendu baitzen zendu berria den Ibon Gonzalez Loitegi tolosarraren omenez, bere talde, kuadrila eta familia bertan zirela.


Ibilbidean zehar momentu zirraragarriak bizi izan genituen baita ere, Orkliko langile eta bolondresek bultzaturik desgaitasun funtzionala duten 11 atletak pasatu zirenean. “Zure Irrifarrez, Nire Indarra” lelopean lehenengo aldiz ospatu den ekimen honek jarraipena izango du ziur ondorengo edizioetan bezala beste lasterketa eta kirol proba batzuetan ere.

Iazko lasterketarekin alderatuz, aurtengoan parte-hartzeak gora egin du, urrun utzi delarik 2017an izan zen parte-hartze baxua. Izena eman zuten 452 atletetatik 432k zeharkatu zuten helmuga, iaz baino 25 gizonezko eta emakumezko bat gehiagok. Aipatzekoa da asteburu honetan, Euskadi eta Nafarroan ospatu diren 16 lasterketa herrikoietatik asfaltoan egin den parte-hartzerik handiena lortu dela eta, gainera, mendian ospatu diren bi mendiko lasterketa garrantzitsuk bakarrik lortu dutela parte-hartze handiagoa.


Edizio historikoa izan da baita ere, lasterketaren garailea, dudarik gabe iraupen luzeko euskal lasterkeririk onena den eta Txindoki Grupo Jaso Autowag Atletismo Taldeko lehendakari den Eneko Agirrezabal segurarra izan delako, Josetxo Imaz lasterketa irabazi duen lehen goierritarra izan delarik. Bigarren sailkatua Ander Sagarzazu donostiarra izan zen eta hirugarren, otsailean Oiangun Euskadiko txapelketa irabazi zuen David Garcia sailkatu zen.


Emakumezkoetan, iaz 4. sailkatu zen eta Espainiako iraupen erdiko lasterkaririk onenetako den Jone Zabaleta azkoitiarra izan zen garailea, bigarren Nuria Rodriguez nafarra eta hirugarren Txindoki Grupo Jaso Autowag Atletismo Taldeko Izaro Rubio izan zen.


Aurten lehenengo aldiz sariak dirutan izan ez direnez, aurreko urteetan ohikoak izan diren marrokiarrak ez dira aurkeztu eta ondorioz podiumak guztiz euskaldunak izan dira, baina goi mailakoak!


Parte hartu zuten Txindoki klubeko atleten artean azpimarratu behar dira baita ere, gizonezkoetan 8.postuan “Txuri”, lehen ordiziarra izan zelarik, 55 urtetik gorakoetan lehenengoa izan zen Imanol Oiarbide eta Unai Mendizabal zegamar gaztea, lehenengo aldiz 10 km-ko lasterketan parte hartu eta 37:49 denbora egin zuelarik. Emakumezkoetan, Uxue Ibañez 6., 7. bere arreba Maria Ibañez, 9. Irati Zubizarreta, 16. Nahia Iraola gaztea eta 26. Lurdes Intxausti jaurtitzaile beteranoa.


Eskerrak eman nahi dizkiegu erbi lanak egin zituzten atletei. Denak bikain ariitu ziren. Aurtengoa ez zen 5 emakume edo gehiagoko talderik aurkeztu eta, ondorioz, ordainetan emango zen afaria banatu gabe gelditu zen.

Festa polita izan zen baita ere lasterketa herrikoiaren aurretik, eskolarteko atletek egin zituzten lasterketak. 245 gaztetxok parte hartu zuten familia eta lagunen gozamenerako.


Asteburuan


Lasterketa herrikoi ugari ospatuko diren asteburua datorrena, guztira 18 izango dira, 7 larunbatean eta 11 igandean.


Larunbatean: Hendaian Txingudi korrika, Errenterian Juneren Hegoak, Gasteizko enpresen lasterketa, Atxondon (Bizkaian) Anbotoko kilometro bertikala, Iruñean Rotxapeako kros herrikoia, Eskarozen (Nafarroan) udazkeneko krosa eta Nafarroan Orreaga-Zubiriko gaueko traila.


Igandean: 5 eta 10 km-ko Soraluzeko herri krossa, Bilbon Bilbao la vieja-San Francisco herri krosa, Barakaldoko 5 eta 10 km-koak, Santurtzin (Bizkaian) Serantes Igorea mendiko lasterketa, Bilbon bularreko minbiziaren kontrako lasterketa solidarioa, Iruñean Nafarroako lasterketa solidarioa, Etxarri-Aranatzen Mendira Joan-Etorria, Nafarroan Donejakue bidean zehar Orreaga-Zubiriko maratoi erdia, Logroñoko maratoia, maratoi erdia eta 10 km-ak.


Argazkiak: Goierriko Hitza


Sarrera nabarmenenak
Azken sarrerak
Artxibategia
bottom of page