Markel Acosta Sabadelleko Espainiako Txapelketara kadete mailan
Asteburu honetan pista estaliko denboraldiari amaiera emango zaio Sabadellen ospatuko den kadete mailako Espainiako txapelketarekin. Bertan Txindoki Grupo Jaso AT-ko ordezkari bakarra lehiatuko da, Markel Acosta ordiziarra, hain justu. Bi frogetan hartuko du parte, 60 metrokoan eta 60 metroko hesi-lasterketan. Lehenengo frogan, Espainiako rankingeko 15. dago 7.41ekin, eta bigarrengoan, 9. postuan 8.79rekin. Bere helburuak, Espainiako lehen txapelketa izaki, ahalik eta urrutien iritsi, esperientzia hartu eta bere markak ontzea izango ditu.
Denboraldiko azken krosa ere ospatuko da asteburuan, Espainiako unibertsitate arteko kros txapelketa, Linaresen (Jaen), hain zuzen. Ana Samaniego bertan izango da UPV-EHUrekin lehiatzen.
Gure mugetatik gertuago, garrantzizko bi hitzordu ditugu asfaltoan. Lehena larunbat arratsaldez, Laredon (Cantabria), 10 km-ko distantzian Villa de Laredo frogak izango du lekua. Estatu mailako zirkuiturik onenetarikotzat jotzen da, eta bertan izango da atleta urdin ugari. Bestetik, igande goizez Donostian, Udaberriko Lasterketa ospatuko da, hau ere 10 km-ko distantzian eta Euskadiko Txapelketa izango dena gainera. Nola ez, Txindoki taldeko hainbat partaidek hartuko du parte bertan.
Aire libreko pistan, parte hartze libreko proba ugari izango da. Ostiral arratsaldean, Zumarragan izango dira infantilentzako froga konbinatuak. Larunbatean, berriz, Iruñean infantil, kadete eta jubenilentzako, eta azkenik, igande goizez Durangon.
Lasterketa herrikoiei dagokienez, larunbatean, Arriarango Mendi Lasterketa egingo da Beasainen 11 eta 23 km-tan, eta Getxo Gau Trail Getxon. Iganderako, aldiz, Zestoako Lasterketa Herrikoia 8,5 eta 2,6 Km-tan, Larraul-Ernio-Larraul Mendi Lasterketa, Markina-Xemein Kros mixtoa (Bizkaia), Sopelako Herri Lasterketa (Bizkaia), Montejurra-Jurramendi Trail Aiegin (Nafarroa) eta San Jose Lasterketa Villasana de Menan (Burgos).
Espainiako Kros Txapelketa ona Meridan
Eguraldia etsai, haizetsu eta euritsu, Merida hiriko zirko erromatarrean ospatu zen bakarkako eta autonomi erkidegokako Espainiako Kros Txapelketa. Junior neskek brontzezko domina eskuratu zuten Euskadirekin, Lide Urrestarazu bertan aritu zen Espainiako 29. eta Euskadiko 6. Promesa nesketan, berriz, Euskadi 4. izan zen, Irati Zubizarreta Espainiako 27. eta Euskadiko 4., Ana Samaniego Espainiako 36. eta Euskadiko 5., eta Uxue Ibañez Espainiako 44. eta Euskadiko 6. Senior gizonetan, Eneko Agirrezabal bikain aritu zen Espainiako 25. postua eta Euskadiko lehena lortuz, bere inoizko posturik onena honelako txapelketa batean. Jose Antonio Blanco “Txuri” 99. izan zen helmugan, eta Euskadiko 7. Bere lorpenik handiena, beste behin ere Euskadiko selekzioan egotea izan zen, 40 urteak luze paseak izanagatik. Euskadi, selekzioka, 9. izan zen. Promesa mutiletan, euskal korrikalari bakarra Adrian Pajares lazkaotarra izan zen, 69. helmugan.
Jubenil mailako pista estaliko Espainiako txapelketan, Antequeran (Malaga), Aritz Apaolazak zortea lagun ez eta ezin izan zuen pisu jaurtiketan lehiatu, beroketan min hartu baitzuen. 200 metrokoan, Irenia Apaolazak bere seriean 26.32 egin eta 21. postua eskuratu zuen. Leire Tobar 23. izan zen 60 metroko hesi-lasterketan 9.25ekin, eta 60 metrokoan 26. 7.99rekin. Marka pertsonala egin bazuen ere, semifinaletan sartu ahal izateko 2 ehunenekotara geratu zen.
Estatu Batuetan aire libreko denboraldiari hasiera eman zaio eta Gari Garmendiak El Doradon (Kansas) hartu zuen parte. Mailu jaurtiketan (7.260 kg) aritu zen eta 39.95m-ko marka pertsonala eginda klubeko marka berria ezarri zuen. Diskoa (2 kg) ere jaurti zuen, 36.77m eta marka pertsonala. Bestalde, Lake Charlesen (Luisiana) pisu jaurtiketan (4 kg) aire librean debuta egin zuen 12.52rekin.
Eskolarteko Euskadiko Kros Txapelketan, Arrasaten, Beasain BHI bigarren izan zen infantil mutiletan. Aimar Aierbe 6., Joseba Llorente 15., Markel Galparsoro 17., Urtzi Altuna 22., eta Unai Mendizabal 26. Oianguren, berriz, 8. izan zen; Samuel Vega 28., Amadu Arana 29., Jon Carracedo 45., Yassin Haddad 46., Martin Iraola 51. eta Urko Alvarez 55. Infantil nesketan, aldiz, Jakintzak 5. postua erdietsi zuen; Naia Iraola 5., Maia Blanco 23., Libe Arruabarrena 34., Mariñe Arruabarrena 38. eta Garazi Etxeberria 44. Naroa Iturrioz erretiratu beharrean izan zen, lasterketako aurreko postuetan zihoanean.
Beasaingo lasterketa herrikoiean, 14 km-ko distantzian Alvaro Calderon eta Egoitz Iztueta 6. eta 20. sailkatu ziren, hurrenez hurren. Lehena Zaragozako maratoirako prestaketa lanetan eta bigarrena Pragako erdi maratoirako.
Amaitzeko, Tolosan ospaturiko parte hartze libreko probetan, Zuhaitz Sukia alebina (JM Barandiaran) 3 froga desberdinetan lehiatu zen: pilota jaurtiketan (21.12), 500 metrotan (1:42) eta 150 metrotan (22.78).