Behobiaren txanda
Ate joka dugu hainbat eta hainbat atleta herrikoik joan den uda amaieratik mimoz prestatu duten Behobia - Donostia lasterketa. Euskal Herrian ospaturiko lasterketa herrikoien artean herrikoiena 53. ekitaldira iritsiko da, eta beste behingoz, eguraldi gordinari egin beharko diote aurre milaka korrikalarik. Ez da lehen aldia euria, haizea eta hotza lagun izango dituztena, lasterketa hasi bitarteko itxaronaldia are zailago eginez. Ohikoak izango dira beraz, beroki zaharrak, plastikozko pontxoak edo basura poltsez babesturiko jende irudiak.
Behobian parte hartuko duten ordiziarrei dagokienez, 100 bat lasterkari espero dira, iazko parte hartzaile kopuruari jarraiki (95 korrikalari iritsi ziren helmugara). Guzti horien gainetik Gorka Satrustegi eta Alexander Oiarbide nabarmendu behar dira, lasterketa buru-belarri prestatu baitute eta onenen pare aritzeko aukerak dituzte. Zorte on denei!
Asteburuko beste zenbait hitzordu
Beste gai bati lotuz, Nora Tobarrek Espainiako Ateltismo Federazioak froga konbinatuetako 20 urtez azpiko atletentzako antolaturiko kontzentrazioan parte hartuko du Blumeko egoitzan (Madril).
Larunbatean, Eibarren, jabalina jaurtiketako parte-hartze libreko frogak egingo dira, bai gizonezko zein emakumezkoentzako.
Igande goizean eta Donostiako Belodromoan, aldiz, abiadura frogetan aritzen diren neska-mutilak elkartuko dira Gipuzkoako Atletismo Federazioak deituriko kontzentrazio egunean. Txindoki Grupo Jaso AT-ko 14 atleta daude bertara deituak, infantil-jubenil bitarteko mailei dagokienez.
Bestetik, datorren igandean Atapuerca herrian (Burgos), Espainian ospatzen diren kross guztien artean mailarik gorenekoa egingo da.
Bizkaian eta egun berean, Bizkaia Kopa Trail (Lekeitio) eta Urduñako Mendi Maratoia ospatuko dira.
Txindoki AT-ko eskolarren nagusitasuna Zarauzko Krossean
Joan den ostiralean, Barrena Jauregian bildutako guraso multzo jendetsu baten aurrean atletismo denboraldi berriari hasiera eman zitzaion. Bada aste honetan, euren seme-alabak izan dira protagonista Zarauzko Krossean. Horren erakusle, 4 lasterketetatik hirutan taldeka garaile izan direla da, eta laugarren lasterketan bigarren.
Alebin mailan nesketan, 84 lasterkari iritsi ziren helmugara. Bertan, San Benito Ikastolako Alba Irizar eta Maren Gorrotxategi 3. eta 4. sailkatu ziren, hurrenez-hurren. Urdaneta Eskolako Leire Calvo eta Irantzu Eskisabel, berriz, 6. eta 7. postuetan. Txindoki AT taldeka lehen sailkatua izan zen.
Alebin mailan mutiletan, 77 korrikalarik gurutzatu zuten helmuga marra. Urko Etxebeste (Lizeo) 5., Enaitz Aierbe (J.M. Barandiaran) 6., Asier Vazquez (J.M. Barandiaran) 7. eta Alex Lizarralde (Lizeo) 8. postuan helmugaratu ziren. Taldekako sailkapenean, nesketan bezalaxe mutiletan ere, Txindoki AT gailendu zen.
Infantil nesketan, 36 atletek amaitu zuten froga. Bertan, Naroa Iturrioz (Jakintza) 4., Naia Iraola (Jakintza) 8., Daniela Holguin (Beasain BHI) 13. eta Elene Bolinaga (La Salle) 14. tokian sailkatu zirelarik. Taldeka bigarren postua erdietsi zuen Txindoki AT-k.
Amaitzeko, infatil mutiletan 28 korrikalari izan ziren lasterketa amaitzeko gai. Horien artean, Markel Galparsoro (Beasain BHI) 4., Aimar Aierbe (Beasain BHI) 5., Urtzi Altuna (Beasain BHI) 7. eta Aratz Elasa (San Benito) 16. Honenbestez, Txindoki AT-k erdietsi zuen taldekako sailkapena.