Oaingun izango da Gipuzkoako kros txapelketa
Gipuzkoako atletismo federazioak pasa den larunbatean Donostian ospatu zuen batzarrean, azaroaren 1ean hasten den 2015-2016 denboraldiko kross eta pista estaliko egutegia adostu zen. Txindoki Grupo Jaso AT-ren ardura izango da aurtengoan Gipuzkoako kros txapelketaren antolakuntza, abenduaren 13an Oainguko (Ordizia) zelaietan jokatuko dena. Albiste oso ona da klubarentzat baina erantzunkizun handia aldi berean. Pasa den otsailaren 22an eskolarteko Euskadiko txapelketa antolatu zen bertan eta kros lasterketak egiteko zirkuitu bikain hau ezagutzera emateko aukera ezinhobea da. Gipuzkoako txapelketa izango da kadete mailatik hasi eta helduen mailara arte, bai gizon zein emakumeetzat. Alebin eta infantilen lasterketak ere izango dira, baina hauen kasuan ez dira Gipuzkoako txapelketaren barruan sartuko.
Jaurtiketen alorreko kontzentrazioa Leonen
Iraileko azken asteburuan egin zen gisan, asteburu honetan ere Espainiako federazioak antolaturiko kontzentrazioa burutuko da Leonen. Bertara joango dira Gari Garmendia, Joseba Berasain eta Ane Torres pisu jaurtitzaileak eta Dorleta Armendariz mailu jaurtitzailea.
Lasterketa herrikoiak
Asteburu hontan burutuko diren lasterketa herrikoiei dagokionean, ostiralerako Gaueko Tadif krosa dago iragarria Arrasaten. Larunbatean Durangoko gau krosa, Asier Cuevas herri lasterketa Eibarren, Sakanako herri lasterketa Urdiainen (Nafarroa) eta Lizuniagako igoera Beran (Nafarroa). Igandean Donibane-Lohitzune – Hondarribia maratoi erdia, Lasarte Oria Bai! kros herrikoia eta Mantzaren oroimenezko Ataungo hiru auzoetako lasterketa.
Emaitzak
Bederatzi izan ziren Donostian ospatu zen 15 km-ko klasikan parte hartu zuten Txindoki AT-ko korrikalariak. 3091 atletetan 9.a izan zen Alexandre Oiarbide, 50 minutuko denbora eginez. Imanol Oiarbide 43.a izan zen 53 minutuko denborarekin, 50 urtetik gorakoetan lehena. 187 eta 188. izan ziren hurrenez hurren Iker eta Egoitz Iztueta anaiak. Izaro Rubio 260. postuan iritsi zen ordu bete zehatzean burutuz ibilbidea, laugarren emakumea helmugan eta bigarrena 40 urtetik gorakoen mailan. Maratoirako test gisa hartu zuen lasterketa. Unai Azpiazu, lesio bat medio, 376.a izan zen 1:01-eko denboran. Jon Aranburu 418.a (1:02), Pululu 445.a (1:03) eta Juanito Rubio 1276.a (1:13). Bularreko minbiziaren aurkako 5,5 km-ko Katxalin lasterketan 5. emakumea izan zen Natalia Tanco.