Eneko Agirrezabal 1:04:59 Marrakecheko (Maroko) Maratoi Erdian
Emaitza onak jaso dituzte pasa den asteburuan lehiatu diren atleta urdinek, baina beste behin ere, klubeko lehendakari den Eneko Agirrezabal segurarrak erdietsi du emaitzarik azpimarragarriena, Marokoko Marrakech hirian ospatu den maratoi erdian hain justu. Antolakuntzaren akats larri baten ondorioz, lasterketari lekuz kanpo eman behar izan zion hasiera, buruan zeuden gainontzeko korrikalariak baino 50 metro atzerago. Modu honetan, Enekok bere tokia topatu arte korrikalari herrikoi ugari pasa behar izan zituen, honek dakarren neke pilaketarekin. Hala eta guztiz ere, lasterketa itzela egin eta sailkapen nagusian 26. lekuan amaitu zuen, helmugaratu ziren 4091 atleten artean lehen europarra izanik eta 1:04:59-ko denbora ofizialarekin. Tamalez, denbora erreala zenbatekoa izan den jakin gabe geratu gara, parte hartzaileen txipek ez baitzuten ondo funtzionatu. Gainera, Eneko lasterketa burutik atzera aterata, txipak emango liokeen denbora eta denbora ofizialaren artean kontuan izateko moduko aldea legoke. Baina ezin alde hori zenbatekoa izan den zehaztu, lastima. Dena den, klubeko errekor berria ezarri du, iaz Berlinen egindako bere 1:05:50eko marka hobetuz. 21097,5 metrotan 1:04:59eko markak kilometroko batazbesteko denbora 3:04 suposatzen du, sekulako balentria. Denbora honekin, aurtengo denboraldiko Espainiako ranking-ari dagokionez, 7. postuan kokatu da behin behinean; Valentzian ospatuko den Munduko Marotoi Erdiko Txapelketarako txartela lortzetik 29 segundo eskasera. Txipak funtzionatu izan balu, batek jakin!
Euskadiko Errepideko Martxa Txapelketa ere izan zen jokoan Portugaleten eta Hodei Caballero txapeldun izan zen kadete mailan, 28:55 denborarekin.
Errepidearekin jarraituz, Idiazabalgo Krosean ere maila ezin hobea eman zuten Txindoki AT-ko kirolariek. Emakumezkoetan, Izaro Rubiok indartsu dagoela erakutsi eta garaipena eskuratu zuen. Era berean gizonezkoetan, Gorka Satrustegik podiumeko 3. postua zapaldu zuen. Alvaro Calderon maratoilari donostiarra 8., Imanol Oiarbide 28. eta 4. beteranoa, Auritz Mendizabal 36., eta Jon Etxeberria 43. eta 8. beteranoa. Aipatzekoa baita ere, Juanito Rubiok bertatik bertara ikusi ahal izan zituela bere alaba Izaro eta biloba Unax kadeteetan garaipena ospatzen. Era honetara lasterketa berean Txindoki AT-ko hiru belaunaldi desberdinek parte hartu zuten, orain arte sekula eman gabeko gertakizun bitxia. Kadete nesketan, berriz, Irene Izagirre Txindoki AT-ko partaidearentzat izan zen lehen postua.
Getafen (Madril) ospatu zen maratoi erdian Unai Azpiazu ormaiztegiarrak test polita egin zuen Sevillan otsailaren amaieran egingo den maratoiari begira. Helmugara iritsi ziren 3344 korrikalarien artetik 212. postuan helmugaratu zen 1:21:56 denborarekin, 18. “C” beteranoa (45-49 urte bitarte) izanez.
Lasarteko hipodromoan ospatu zen Donostiako Nazioarteko Krosean, berriz, Gipuzkoako Kros Txapelketaren azken froga izaki, sailkapena erabakita geratu zen. Senior gizonetan, Jose Antonio Blanco “Txuri” 11. izan zen helmugan, eta 4. gipuzkoarra, Iker Iztueta 39. eta 24. gipuzkoarra, Gipuzkoako txapelketan 17. amaituz. Senior-promesa emakumeetan, Irati Zubizarreta 12. eta 2. gipuzkoarra sailkapen orokorrean, 5. promesa eta 1. gipuzkoarra, eta Gipuzkoako txapelketan azpi-txapeldun orokorrean eta txapeldun promesa mailan. Ana Samaniego 13. helmugan eta 3. hipuzkoarra sailkapen orokorrean, 6. promesa eta 2. gipuzkoarra, eta Gipuzkoako txapelketan 4. sailkapen orokorrean eta promesa mailan azpi-txapeldun. Junior emakumeetan Lide Urrestarazu 5. eta 3. gipuzkoarra, Maitane Madrazo 8. eta 5. gipuzkoarra, eta Olatz Esnaola 11. eta Gipuzkoako 7. Taldekako txapeldun izan ziren gainera azken hauek. Jubenil mutiletan, aldiz, Mikel Samaniego 7. postuan sailkatu zen eta 5. gipuzkoarra, Gipuzkoako txapelketan 4., Jon Zeberio 8. eta Gipuzkoako 6., Gipuzkoako txapelketan 6. jubenil emakumeetan, Naia Lopez 4. eta 3. gipuzkoarra, Gipuzkoako txapelketan 3., Maddi Galparsoro 5. eta 4. gipuzkoarra, Gipuzkoako txapelketan 5., Intza Urrestarazu 9. eta 8. gipuzkoarra, Gipuzkoako txapelketan 8., Uxue Arrese 11. eta 10. gipuzkoarra, eta Lorea Rajado 13. eta 12. gipuzkoarra, Gipuzkoako txapelketan 11. gizonezko beteranoetan Lasarten parte hartu ez arren, Asier Auzmendi 12. izan zen Gipuzkoako txapelketan, 40-44 urte bitarteko adin tartean 3. amaituz.
Pista estalian ere izan genituen parte hartze libreko froga ugari Donostiako Belodromoan. 200 metro gizonetan Ander Svensson 25.03ko marka pertsonalaren jabe egin zen eta Jon Etxarri 25.48. 800 metro gizonetan Adel Ben Miloud-ek ere marka pertsonala egin zuen 1:57.70ekin, eta Jon Etxeberriak 2:05.81. 60 metro hesi-lasterketan, kadete mailan Markel Acostak klubeko errekor berria ezarri zuen 8.79rekin. Pisu jaurtiketan (7.260 kg), aldiz, Joseba Berasainek 12.79 metroko jaurtiketarekin marka pertsonala ondu zuen modalitate birakarian. 200 metro emakumezkoetan Irenia Apaolazak 26.57rekin marka pertsonala eta Antequeran ospatuko den Espainiako jubenil mailako txapelketarako txartela eskuratu zuen, Ane Ormazabalek 27.61, Ahizpea Oiarbidek 28.80, Garazi Ramirezek 29.03 eta marka pertsonala, Ane Garmendiak 29.79 eta marka pertsonala eta Nerea Galparsorok (Grupompleo Pamplona Atlético) 26.76. 60 metro hesi-lasterketan emakumezkoetan, Leire Tobarrek 9.18, marka pertsonala eta Antequerako Espainiako txapelketarako txartela lortu zituen. Esan behar da bere hirugarren txartela dela, aurretik lorturiko 60 metro eta 200 metrokoez gain. Laida Garmendiak 10.21, eta Ane Irribarria juniorrak 9.76. Pisu jaurtiketan (4 kg) Leire Garmendia juniorrak 11.08.
Gasteizko Mendizorrotzako modulu estalian, parte hartze libreko froga gehiago izan genituen. 60 metroko hesi-lasterketan, Iraia Mendia kadeteak 10.67rekin bere denbora ondu zuen, junior mailan Ane Irribarriak 9.75, eta 60 metrotan Ainhoa Argandoñak 8.11, Irenia Apaolazak 8.12 eta marka pertsonala, Ane Ormazabalek 8.45 eta Maddi Esnaolak 8.47 eta marka pertsonala.
Valentzian lehiaturiko kluben arteko Errege-Erreginaren Kopan, Real Sociedad gizonezkoetan 5. izan zen. Gainera, Octavian Romanescu 5. geratu zen 60 metrokoan 6.95ekin eta Odei Lopez pisu jaurtiketan (7.260 kg) 6. postuan 15.67ekin. Atlético San Sebastián emakumezkoetan 8. sailkatu zen Alazne Furundarena 60 metrotan 2. izan ostean, 7.62rekin.
Durangon parte hartze libreko frogan Dorleta Oiarbide juniorrak 4 kg-ko mailua 45.87 metro jaurti zuen.
Pista estaliarekin amaitzeko, Estatu Batuetan dauden Gari Garmendiak 13.96 metro jaurti zuen pisua (7.260 kg) Kansasen, Dorleta Armendarizeko mailua (9.08 kg) 15.43 m Texasen, Alba Torresek pisua (4 kg) 12.72m eta marka pertsonala Ohion, eta bere ahizpa Anek 4 kg-koarekin debut egin zuen Luisianan 12.35 m-rekin.
Eskolarteko emaitzak
Igande honetan Txindoki AT-ko eskola arteko umeek Lasarteko Krosean, Tolosako pistan eta Idiazabalgo errepide lasterketan parte hartu dute.
Lasarten alebin mailan eta mutiletan, Ander Telleria 8., Julen Azpiroz 16., biak Jakintza Ikastolakoak. Alebin nesketan, Irantzu Eskisabel 7., Elaia Calvillo 33., Luthien Fernandez 40., eta Maren Sanz 53., denak Urdanetakoak eta Txindoki 4. postuan. Infantil mutiletan Aimar Aierbe 3., Markel Galparsoro 7., biak Beasain BHI-koak. Infantil nesketan Naroa Iturrioz 6., Naia Iraola 8., Olaia Galarraga 12. eta Libe Arruabarrena 25., Jakintza ikastolakoak hauek denak. Txindoki AT taldekako txapeldun.
Tolosan berriz, infantil nesketan Maddi Urrestarazuk (Beasain BHI) luzera jauzian 3.95 m, jabalinan 21.72 metro, eta 80 metroko hesi-lasterketan 14.80. egin zuen. Alebin mutiletan Zuhaitz Sukiak (JM Barandiaran) 3.90 m luzera jauzian eta 60 metroko hesi-lasterketan 11.10.
Idiazabalen alebin mutiletan Urko Etxebeste (Lizeo) 1. postuan, Jon Naldaiz (Olaberria)2. eta Xabi Barandiaran (Aitxuri) 3. Alebin nesketan, Elene Etxeberria (Jakintza) 1., Meder Arsuaga (Urdaneta) 2., eta Maren Gorrotxategi (San Benito) 3. Infantil mutiletan, Ander Zurutuza (Beasain BHI) 1., Urtzi Altuna (Beasain BHI) 2. eta Enaitz Agirrezabala (San Benito) 3. Infantil nesketan, Daniela Holguin (Beasian BHI) 2. eta Ainhoa Agierre (Beasain BHI) 3.
Asteburua
Gainean dugun asteburu honetako plater nagusia Euskadiko Txapelketa Absolutua dugu pista estalian. Donostiako Belodromoan izango da larunbat arratsaldez eta igande goizez. Txindoki AT-tik parte hartze zabala izango da. Igandean bertan eta toki berean, Euskadiko Beteranoen Txapelketa ere ospatuko da, gure atleten parte hartzearekin.
Tolosan eta igande goizez, parte hartze libreko frogak izango dira. Berazubin izango da alebin eta infantil mailakoentzat, pisua jaurtiketa, 150 metro eta 1000 metro.
Igandean Donostian, Uliako Gimnastikako Krosak izango du tokia. Sagueseko auzoan orain arte Errege Krosa izenarekin ezagutzen zena epez aldatu dute, eta eskola arteko zein federatuentzako lasterketak izango dira. Senior mailan 10 km-ko Gipuzkoako Txapelketarako baliagarri izango da. Bestetik, 5.2km-ko distantzian herri lasterketa ere jokatuko da.
Estatu mailan, Zaragoza Hiriko pista estaliko Saria egingo da larunbat arratsaldez, eta igande goizean berriz, Valladolideko Kros Internazionala eta Granollerseko Maratoi Erdia.
Igandean, Tuteran, Nafarroako Kros Txapelketa luzea ospatuko da eta Zaragozan pista estaliko Nafarroako Txapelketa.
Herri lasterketei dagokienez, igandean Negu Trail Mendi Lasterketan egingo da Berastegin.