Kros denboraldiari hasiera Irunen
Astebukaera honetan atletismo hitzordurik garrantzitsuena Iruneko Jaizubia ikastolaren zelaietan emango da igande goizean. Bertan, Gipuzkoako kros federatuaren denboraldiaren hasiera ofiziala izango da Irun Hiriko irekiera krosarekin eskola mailako kategorientzat orain 15 egun Zarautzen ospatutako krosaren ondoren. Lehenengo hitzordu honetara kirolari urdiñen ordezkaritza zabala joango da eta nola ez Txindoki At. taldeko kirolari anitz ere.
Larunbata goizean Altamirako pistetan kirolari federatuentzako partaidetza libreko probak egongo dira, zehazki emakumezkoen jauzi hirukoitza eta pisu jaurtiketa mistoa, bertan ordiziako Ane Torres junior mailako kirolariak debuta egingo du 4k-ko bolarekin.
Herri lasterketei dagokienez larunbata arratsean Ikaztegietako herri lasterketa dago eta igandean Errezilgo bikotekako lasterketa mistoa.
Txindoki AT taldeko lehendakari berriak Behobian kirolari urdiñen ikaragarrizko saioaren buru izan zen
Eneko Agirrezabalek iragan ostiralean aurkeztu zuen Ordiziako Barrena jauregian 2016-2017 denboraldia lehendakari eta zuzendaritza berriaren lehen ekitaldia eta gainera katarro handiarekin egin zuen, horrela serio prestatutako igandeko Behobia txapelketa kolokan jartzen zelarik. Probaren eguneko goizean mugaldeko auzoan aurkeztu zen nahiz eta dudak izan, lasterketa ezagunari aurre egiteko. Irteeratik Eneko hiru lehenengoen atzetik zebilen 8-10 pertsoneko taldean sartu zen, lasterketaren hainbat unetan “goma” egiten aritu zen ez zekielako gorputzak nola erantzungo zion, agian pixka bat erreserbatua. Lasterketa aurrera zihoan heinean Eneko hobeto sentitzen zen eta azkeneko zatian kalitate guztia atera eta laugarren sartzeko sprintean parte hartu zuen beste lau kirolarirekin batera. Eneko zazpigarrena izan zen 1:03:20ko denborarekin, horrek kilometro bakoitza 3:10eko denborarekin egitea suposatzen du, lehen gipuzkoarra izan zen helmugan eta Diego Garcia sari ospetsua eskuratu zuen gainera. Enekoren marka ordiziako kirol elkarteetako inongo kirolarik lortutako denborarik hoberena da, 1994ko Santiago Gonzalezen denbora hobetuz (1:04:30), Javier Cuadrado “Karratu” azkeneko lehendakariaren marka hobetuz (1:04:39) 2001ean, eta Jose Antonio Blanco “Txuri”rena ere 2010ean (1:05:36).
Zoragarri aritu ziren Enekoren estela jarraituz Alexander Oiarbide ordiziarra 35. helmugan, 1:07:58ko marka zoragarriarekin, bere lehen marka bi minutuz jaitsiz eta promes maila irabaziz 2014ean junior mailan egin bezala, bere hirugarren partaidetza honetan. Gorka Satrustegi 58. iritsi zen 1:09:58rekin, bere distantziako eta lurrazaleko ez den lasterketa batean, bere denbora hoberenetik minutu eta zenbaitera geldituz. Txindoki At. Taldeko Alvaro Calderon donostiarrak kronoarekin bat egin eta bere marka hoberena bi minututan hobetu zuen 111. iritsi zelarik, 1:11:38rekin, maratoia egiteko bere azkeneko proban, horrelako hitzordu baterako motibatzeko modu zoragarria. Izaro Rubio ordiziarrak lasterketa duina burutu zuen betiere maratoira begira, 17. izan zen emakumeen artean, 7. beteranoen artean eta gipuzkoako 3. 1:21:46ko denborarekin 2014ko bere denbora hoberenetik 2 minutura. Entrenamendu moduan debuta egin zuen Uxue Ibañezek eta bigarren junior bezala geratu zen 1:32:57ko denborarekin eta lasterketan parte hartu zuten beste kirolari urdiñak Unai Azpiazu (1:27), Pululu (1:29)eta Juanito Rubio (1:51) izan ziren.