Lide Urrestarazu eta Irati Zubizarreta Euskal Herriko mendi lasterketen txapeldunak
Iragan igandeko Idiazabaleko Axari Trail mendi lasterketan modalitate motzeko (16km) Euskal Herriko mendi lasterketen txapelketa jokatu zen kadete eta junior kategorian. Nesken proba ordiziako Lide Urrestarazuk irabazi zuen Euskal Herriko kadete mailako txapeldun izendatuz eta bigarren postuan sartu zen Irati Zubizarreta beasaindarra junior kategoriko txapeldun titulua irabaziz. Mutilen junior kategorian Beñat Arribas izaldarra zazpigarren izan genuen. Donostiako Urgullerako igoeran Unai Azpiazu bikain aritu zen.
Kaleko atletismo erakustaldia
Beste urtebetez kaleko bostgarren atletismo erakustaldiak eguraldiak lagunduta egin zen. “Prazuela”ra pisu jaurtiketa eta altuera jauzia lekualdatzea berritasun arrakatastsua izan zen bai publikoaren ikuspegitik baita kirolarien ikuspegitik ere. Txindoki Atletismo eskolako alebin mailako zazpi neskek hasi zituzten jaurtiketak Alazne Furundarenaren gidaritzapean, adina ikusita nahiko ondo aritu ziren. Gero altuera jauzia eta pisu jaurtiketa izan ziren federatuentzat guztira 16 kirolari zeudelarik. Mutilen kasuan altuera jauzian Bizkaiako Ugaitz Perezek irabazi zuen 2.09ko jauziarekin (orain arteko erakustaldien errekorra) eta nesken kasuan Izaskun Turrillas nafarrak irabazi zuen 1,70ko jauziarekin. Mutilen pisu jaurtiketan (6k) Legorretako Odei Lopez izan zen garaile 16:60ko denborarekin, herrikide den Joseba Berasain garaituz (14:36); 4k-ko bolarekin beasaingo Aritz Apaolazak 14:10 izan zen irabazle. Nesken pisu jaurtiketan (3k)Ane Torres ordiziarrak irabazi zuen bere lehen ageraldian 12:70eko denborarekin. Arratsean udaletxe ondoko kale nagusian egindako pertika jauzian 9 aditu elkartu ziren eta berebiziko erakustaldia burutu zuten, gizonezkoen kasuan Mikel Campion irundarrak irabazi zuen 4:70eko jauziarekin, eta emakumezkoen kasuan nafarroako Miren Bartolome izan zen garaile 3:50eko jauziarekin. Guztien jarrera eta egindako erakustaldia nabarmendu nahi dugu, bereziki Francis Hernandez munduko txapeldunak (51 urte)egindakoa, 4:10eko jauzia egiteaz gain, show-man izugarria izan zelako.